2017/05/02

BULLYING ETA ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo irakurle hori!

Gaur, maiatzak 2, bullying eta eskola jazarpenaren aurkako nazioarteko eguna dugu. Ez da lehenengo aldia gai honetaz idazten dugula, kontua kezkatzen gaitu eta irakurleak sentsibilizatu nahi ditugu arazo potolo honen inguruan. Argi daukagu kontzientzia hartu behar dugula arazoari aurre egin ahal izateko.

Jarraian kontu honekin orain arte egindako sarrerak luzatzen dizkizugu:

Irudi esanguratsu batekin hasi nahi dugu. Zer ikusten duzu? Zer adierazten dizu? Zelan sentiarazten zaitu?




Aurten pil-pilean dago KiVa programa, eskola-jazarpenaren aurkako programa, Finlandiako Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatua, eta Euskal Herriko hainbat ikastolatan jarri da martxan. Bere web orrialdean, Gurasoen gidan, oso azalpen eta aholku baliogarriak ematen dituzte baina ez bakarrik gurasoentzat, umeekin lan egiten dugunontzat ere bai!! 

Ba al dakizu zer den bullying-a edo jazarpena? Definizioa edo azalpena eman aurretik, argituko dugu zer EZ den: 
  • Liskarrak, desadostasunak edota eztabaidak ez dira jazarpena, normalean iragankorrak direlako eta azkar pasatzen direlako.
  • Adarra jotzea edo jolarean bortizki aritzea ez da jazarpena.
Jazarpena da ikasle berari behin eta berriz eta nahita min ematea. Biktimak zailtasunak izaten ditu erasotzailearen aurrean bere burua defendatzeko. Jazarpena pertsonaren eskubideen urraketa larria da beti, eta haren giza balioa eta duintasuna apaltzen ditu.

Mota anitzak daude, hurrengo bideoak oso argi azaltzen ditu. Erne egon eta zeure inguruan jazarpen mota baten bat somatzen baduzu, salatu!





Ez gara nekatuko esaten, horrelako egoeren lekukoa bazara, salatu behar dituzula arazoa konpondu ahal izateko. Hori da lehenengo pausua, baina ez bakarra. Gehiago egin ahal duzu: biktimarengana hurbildu zaitezke, erasotzaileari aurre egin bakarka edo taldeka, arazoaz mintzatu... EZ ISILDU, MESEDEZ!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina