2017/06/24

ESKERRIK ASKO BALOREZALE!!


Kaixo!

Gaurko sarrera honetan eskertzeko balorea nabarmendu nahi dugu. Ikasturtea amaitzen ari da eta aurtengo balantzea egiteko ordua iritsi egin da. Hausnar dezazun, hurrengo galdera luzatzen dizugu:

Hasieran espero zenuen horrelakoa izango zela aurtengo ikasturtea? 

Guk argi daukagu erantzuna: EZ; horrela, letra larriz. Ez blog honi dagokionez, ezta aurtengo ikasleei ere. Atzera begiratzen dugu eta espero genuen baino askoz gehiago lortu dugula ikusten dugu. Eta horrek irribarre itzela margotzen digu aurpegian. Eta eskerrak emateko beharra sentitzen dugu:



Mundiala izan da lortutako arrakasta, eta asko zuri esker da: irakasle, ikasle, guraso... 65.000 bisitaldi baino gehiago jaso ditu gure blogak!! Horretaz aparte Azkue Fundazioak antolatu zuen euskal blogarien lehiaketan parte hartu genuen eta finalistak izan ginen. Sari erraldoia guretzat!!

Duela hilabete batzuk Segura irratian adierazi genuen bezala, lan tresna moduan sortu genuen bloga 2016ko urriaren erdialdean, geure eskoletako 3. zikloko balore saioetarako. Lan xumea eta txukuna izan nahi du blog honek, baina jende askori laguntzen diola ikusi dugu eta horrek pozten gaitu.

Dekretuak agintzen digu zer irakatsi behar dugun saio hauetan; baina, tamalez, ez dago kalitatezko materialik euskaraz eta erabaki genuen blog batean biltzea astero landu nahi genuena. Idatzi eta elkarbanatu dugun guztiak Dekretuko edukiekin lotura dauka. Jarraitu nahi dugu bidea eraikitzen eta guztion eskura jartzen, jarraituko dugu sare sozialetan partekatzen geure lana ondo badatorkizu zuk ere erabil dezazun zure balore saioetan.

Eskerrik asko Facebook-etik edo Twitter-etik jarraitzen gaituzuenei eta geure argitalpenak elkarbanatzen dituzuenei. Ziur gaude, egindako gogoeta eta hausnarketen bitartez pertsona hobeak eraikitzen laguntzen dugula eta harro gaude, nola ez!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina